XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere ondoko gudariak tiroak Gora Euzkadi askatuta! oihuka zihardutela hartu ditik.

Era oso diskretuan, dagoeneko, laurogei zentimetro baino gehiagotan lerratzea lortu duk, bi erreketeak ezertaz ohartu ez direlarik.

Frai Eustakioren betarteak, bere aldetik, norbaiterekin solasean dagoela ematen dik, ilunabarrean konpletak errezatzen zitueneko espresio gozoa baitik... -Frai Eustakio, non habil orain? Hemen tirokatuen artean ni neu bakarra nauk bizirik jarraitzen, eta ez nikek gura oraindik zuek zaudeten aldera joan.

Arestian, osaba Anizeto sarjentoa, amona Bonifazia eta -lehen gerrate karlistan borrokan ibiliriko birraitona Artemioren hezurrak mintzatu zaizkidak...

Frai Eustakiok, oraingoz, ez-entzunarena egiten dik. Arraioa, fraide motza! Dena den, hor gibeleko hilobietan entzuten dituan solas horiekin maitekiro lagundua sentitzen haiz... Bai arraroak xuxurlaketa emeak atabuten zehar aditzea!

Giharrak astun dituk eta giltzadurak zurrunduta dauzkak, zentimetro bakoitza korritzea ikaragarri neketsu egiten zaiala; hik, ordea, ospa egin gura duk. Bularretik hurbil saihetsean duan balak min egiten dik, eta Senosiain soldadua bragetan pixa egin duala ohartzen baduk galdua haizake, izua hatzen eta betazalen dardarizoan ezezik ezpainen urduritasunean antzemanen baitik.

Muinoek Mendibil eta Apuko aldera arroken eta mailoen malura eta beste aldean Gaztelumendi eta Urkuluko hegaztiek unearen tenkadura animikoa zeukatek. Instanteak ezaguera latza dik gizakiak bakea lortzen asmatzen ez duelako...

Gure aberria, hala ere, anitzetan jaiki duk kondairan errautsetatik porrota pilatuak mespretxatuz eta herioaren hedadura hatza mendekatuz. Amodioaren piloa materian etzan zenean aberria heriorako prestatu huen, semeek borroka berriak irabaz zitzaten.